“Urtean nahitaez prestakuntzako 35 ordu egin behar dira. Ordu horiek bi motatakoak izanen dira: ikastetxeak erakunde moduan antolatutakoak eta bakarka egin beharrekoak. Ildo horretan, ikastetxeek ikastetxeko irakasle guztiendako erakunde mailako prestakuntza programa prestatuko dute, urtean gutxienez 12 orduko iraupenarekin. Programaren edukia eta ikasturtean zeharreko ordutegi banaketa ikastetxearen Prestakuntza Planean sartuko dira eta zuzendaritza taldeak finkatuko ditu. Lehentasuna izanen dute eta irakasle guztiek nahitaez bete beharko dituzte.
Ikastetxeak ezarritako prestakuntza instituzionala eta irakasle bakoitzaren bakarkako prestakuntza bi ikasturteko epean egin daitezke, prestakuntzari emandako ikasturte bakoitzeko orduen batez bestekoak aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen badu.”
342/2013 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2013-2014 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.
Prestakuntzarako eskubidea
Irakasleen Etengabeko Prestakuntzaren Urteko Planaren bidez artikulatzen da, plan hori Nafarroako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzaren Sareak egiten duen jarduera orientatu eta koordinatzen duen oinarrizko tresna baita. Horretarako, lehentasunezko ildo eta programa batzuk ezartzen ditu.
Planak ikasturte hasieran aurreikusitako jardueren gaineko ikuspegi orokorra eskaintzen du eta bideak ematen ditu jarduera horiek ikasturtean zehar sor daitezkeen beste batzuekin aberasteko: lantaldeak, beren ikastetxeko prestakuntza planak zehazteko ikastetxeek sustatutako diseinuak, edo ezarritako lehentasunezko ildoekin eta programekin bat datorren zeinahi ekimen, hasieratik aurreikusita ez bazegoen ere.
Jardueretan izena emateari eta parte hartzeari dagokionez:
– ILZk (Irakasleentzako Laguntza Zentroak) aurreikusitako jarduerak beren eraginpeko eremuetan antolatu eta garatzeaz arduratzen dira.
– EIBZ (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa) euskarazko prestakuntza antolatu eta garatzeaz arduratzen da.
– PNTE (Teknologia Berriak eta Hezkuntza Programa) urrutiko prestakuntza antolatu eta garatzeaz arduratzen da.